Tag Archives: software-librea

Telegram, Whatsapp-aren klona software librean

Azken astean asko eta asko ari da Telegram aplikazioari buruz hitz egiten eta idazten. Eztabaida interesgarri batzuk ere sortu dira, ea segurtasun aldetik esaten den bezain segurua ote den, eta baita ere software librearen ikuspegitik, ea hau den behar genuen soluzioa. Teknikoa ez bazara, seguru eztabaida honek aspertu egingo zaituela beraz gai hau bukaerako lagako det.

Joan zen astean, aplikazio honi buruz informazioa zabaltzen hasi eta egun gutxitara jakin genuen jada euskaratuta zegoela. Pentsatu eta egin. Bitarlan eta Gaueko enpresetako lagunek di-da batean euskeratu zuten eta albistea berehala zabaldu zen sare sozialetan. Izan ere, eta aplikazio ofizialean oraindik publikatu ez duten arren, beraien zerbitzarietan Telegram euskeraz deskargatzeko aukera jarri zuten.

Eta zergatik erabili Telegram Whatsapp daukagunean ?

Galdera ederra. Lehenik eta behin: ez pentsatu bata ala bestea denik, biak izan ditzakezu. Nire iritsiz:

Telegram aplikazioaren aldeko arrazoiak:

  • Software Librea da: Honek esan nahi du bere kodea ikusi eta aztertu nahi duen edozeinek bere eskura duela. Noski, hau egin ahal izateko informatikaria izan beharko zara, baina ziur egon hainbatek begiratu dutela eta begiratzen ari direla, eta zerbait “arraroa” egongo balitz, denok jakingo genukeela. Whastapp-en kasuan, bere kodeak “benetan” zer egiten duen ezin jakin, kodea itxia baitago.
  • Doakoa da. Egia esan Whatsapp ere doakoa dela esan genezake, 0.80€ urtean ez baita dirua. Baina ordaindu beharra askorentzako arazoa izaten da, ez baitakite nola ordaindu. Ez dira fidatzen VISA batekin ordaintzera, ez dute paypal ….., gustura ordainduko lukete baina ez dakite nola demontre ordaindu euro hori !! Telegram-ekin ez dago horrelako “arazorik”.
  • Txat sekretuak: Hau bai abantaila dela Whatsapp-ekin alderatuta. Bi lagunen arteko (taldeentzat ez du balio) txat sekretu bat egiteko aukera ematen dizu, eta hor konfiguratu daiteke bidaltzen diren mezuak zenbateko bizi iraupena izango duten. Minutu batekoa dela esaten badezu, mezu (edo argazki, bideo …) bat bidali eta minutu batera telefono bietan (bidali duenarena eta jaso duenarena) mezua automatikoki ezabatzen da. Jasotzaileak mezua ikusten duenean hasten da minutu hori kontatzen, ez lehenago. “El mensaje se autodestruirá en 5, 4, 3, 2, 1, 0”
  • Bideo eta argazkiak ez dira telefonoaren Galeriara zuzenean joaten. Orain arteko ezaugarriak jada ezagunak dira, baina honi buruz ez det ezer irakurri, eta niretzat oso ezaugarri ona da. Whatsapp-en kasuan, zure kontaktuek (edo taldeetako lagunek) argazki eta bideoak bidaltzen dizkizutenean, deskargatu eta berehala telefonoko multimedia galerian ikusten dira. Agian zuk ez duzu oraindik Whatsapp-en begiratu, baina elementua deskargatu da eta zure galerian dago, zure argazki pertsonalen alboan. Whatsapp-etik gaur egun “edozer” bidaltzen denez, batzuetan eduki “ez egoki” asko jasotzen da, eta eduki hori zure galerian dago begi bistan. Telegram aplikazioan hau ez da gertatzen. Talde edo txat bakoitzak bere galeria propioa du, elementuak hor geratzen dira eta ez dira ikusten telefonoaren galerian zuk ez badezu nahi. Noski, nahi izanez gero aukera ematen dizu elementu bat galeriara bidaltzeko.
  • Segurtasuna: Adituek diotenez, Whatsapp erabiltzen duzunean ez da oso zaila esaten ari zarena espiatzea, komunikazioaren segurtasuna ez delako bere alde indartsuena. Telegram aplikazioaren segurtasuna askoz hobeagoa dela diote. Apurtu ezina ? hori asko esatea da, baina Whatsapp-ekin alderatuz, askoz hobeagoa.

Nik probatzera animatzen zaituztet !!

Informazioa euskal hedabideetan

Eztabaida teknikoa

Telegram librea izan arren, software librearen defendatzaileen artean ere badago eztabaida. Software honi leporatzen zaio (eta hortan arrazoia dutela pentsatzen det) ez duela lehendik dauden protokolo estandarrak erabiltzen. Honek zer arazo ekartzen ditu ? ba aplikazio guzti hauek protokolo estandarrak erabiliko balituzte, Whatsapp erabiltzen duen batek Telegram erabiltzen duen beste bati mezu bat bidaltzeko aukera izango lukeela. Bakoitzak bere komunikazio protokoloa erabiltzen duenez, aplikazioak beraien artean ez dira ulertzen. Esate baterako, batek txinoz hitz egiten du, eta besteak alemanieraz, beraz ezin elkar ulertu. Protokolo berdina erabiliko balute hizkuntza berdina hitz egiteko gai izango lirateke, eta Whatsapp edo Telegram edo Gtalk edo Pidgin edo DenaDelakoa erabili ahal izango genuke, bakoitzak bere gustokoa, baina denok “hizkuntza” estandar bat erabiliz komunikatzeko moduan.

Bai, argumentazio horrekin guztiz ados. Baina pragmatikoa izanik, eta gaur egun egoera horretan ez gaudela jakinik, Whatsapp eta Telegram artean, nahiago Telegram.

Gai teknikoei buruz hemen informazio gehiago:

Advertisements

ef4ktur: Fakturazio elektronikorako software librea

Zer da ef4ktur ?

Euren webian esaten dutena jartzen det jarrian, eta beltzez jartzen det nere ustez azpimarratzekoa dena:

ef4ktur euskal foru-aldundien ekimena da, fakturak egiten dituztenei faktura elektronikoko soluzio erraza eta praktikoa doan eskaintzera bideratutakoa, enpresei beren artean eta euskal administrazioekin erraz lan egitea ahalbidetzeko xedearekin.

ef4ktur softwareak kudeaketako autonomia handia emango die eragiketa telematikoetan, segurtasun-bermerik handienarekin eta, horrezaz gain, bezeroaren premia funtzionaletara egokitzeko aukerarekin.

Ef4ktur bateragarri da Windows, Linux eta Mac sistemekin, zure lanerako ingurunea edozein izanik ere ef4ktur ekimenaren onuradun izan ahal izateko.

Ef4ktur software libreko aplikazioa da, Europar Batasuneko V.1.1 lizentzia publikoa duena (EUPL).

Softwarea librea eta doakoa da. Tresna nola dabilen ikasi nahi badezu, doako aurkezpen bat antolatu dute azaroaren 12rako.

FUSS proiektua

Atzo Ategorri-Tartanga ikastetxean egon ginen Bolzanon (Italia) egindako esperientzia bat ezagutzeko.

Lanbide Heziketako ikastetxe guztiak software librera pasatu dira, ez bakarrik zerbitzarietan, PC normaletan ere bai. Honi FUSS proiektua deitu diote.

Hauek dira datuak:

Migrazioa

Bolzanoko ikastetxe guztiak migratu dituzte.

  • 83 ikastetxe
  • 2.460 PC
  • 70 zerbitzari
  • 12.448 ikasle
  • 1.728 irakasle
  • 412 pertsonei formazioa eman zaie.

Hau egiteko Europako Gizarte Funtsetik jasotako diru laguntza: 270.000 €

Lizentzia gastuak

Orain arte urtean 269.000 € gastatzen zituzten lizentzietan. Hortaz aparte, software pirata asko ere bazuten, eta horrek ez du gasturik, baina ordaintzekotan faktura dexente igoko zen.

  • Sistema eragilea + MS Office: 199.000 € urtean.
  • Antibirusak: 20.000 € urtean.
  • Bestelako software didaktikoa: 50.000 € urtean.

Orain software librean daudenez, ez dituzte lizentziarik ordaindu behar.

Migrazioaren kostea

Migrazio osoa egiteko 300.000 € ordaindu dituzte.

Diru hau Bolzanoko lau enpresak beraien orduen truke kobratu duten dirua da, pertsonen lan orduak.

Migrazioa behin egiten denez, hau behin ordaindu behar da, aurrerantzean gastu hau desagertu egiten da.

Formazioa

Sistema berrietara egokitzeko jendeari formazioa eman zaio, guztira 94.000 €.

Beraien hitzetan hau ez dute gastua moduan ikusten, hau inbertsioa dela diote, egiten dituzten beste ikastaroak inbertsioa diren moduan.

 

Sistemaren mantenua

Hau guztia mantentzearen kostua ez da finkoa, bakoitzak egin nahi duenaren arabera diru gehiago edo gutxiago beharko da.

Mantenu hutsa bada, pertsona batekin nahikoa da.  Ikasle, guraso, irakasle eta inguruko guztiei CD bat eman nahi badiezu, kostuak igotzen dira.

Inguruko enpresak bultzatzen

Honi garrantsi asko ematen zion. Modelo zaharrarekin Bill Gates-en poltsikoan urtean 269.000 €  sartzen zituzten. Aurrerantzean proiektu eta garapen berriak egiteko gastatzen den dirua (lan orduak, ez lizentzia kosteak) Bolzanon geratzen da.

Bolzanoko teknikoek emango diete zerbitzua, Bolzanoko enpresek. Honen eraginez inguran enpresak sortzen ari dira.

Berak esaten zuen orain arte administrazio publikoa Microsoft-en komertziala zela, edozertarako (konkurtso publikoak, diru laguntzak, …) baldintza bezela jartzen zuelako Windows sistemen erabilpena.

Aurrerantzean hori ez da horrela izango.

Galderak

Ikusten degu beste leku batzuetan honelako ekintzak aurrera eramaten dituztela.

  • Egunen baten, gai izango ote gera horrelako zerbait egiteko ?
  • Euskal Herritik zenbat diru ari gera sartzen Bill Gates-en poltsikoan ?

Aurkezpenak hemen jarri dituzte.


Proiektuak kudeatzeko software librea

Proiektuak kudeatzeko software asko dago. Gehienok MS Proyect ezagutzen degu, baina ez da aukera bakarra.

Gaur GanttProject izeneko softwareari buruz irakurri dudanak oso itxura ona dauka: MS Proyect erabiliz eginiko proiektuak inportatzeko aukera, html, pdf, kalkulu orri edo irudi moduan esportatzeko aukera, eta abar.

Windows, Linux eta MACOS X sistema eragiletan erabili daiteke, beraz probatzeko ez dago arazorik.

Scilab, ingeniaritzarako software aproposa software librean

Nik zorionez ez det holako tresnarik behar, baina seguru jende askorentzat tresna egokia izango dela.

Scilab kalkulu zientifikorako erabiltzen den tresna da: matematika, algebra, eta abar.

Hemendik deskargatu dezakezu. Windows, Linux eta MAC OS X sistementzako bertsioak dauzkate. Erderaz manual bat ere badago.

Eta guzti hau, berriz ere, software libreari esker.