Tag Archives: whatsapp

Telegram, Whatsapp-aren klona software librean

Azken astean asko eta asko ari da Telegram aplikazioari buruz hitz egiten eta idazten. Eztabaida interesgarri batzuk ere sortu dira, ea segurtasun aldetik esaten den bezain segurua ote den, eta baita ere software librearen ikuspegitik, ea hau den behar genuen soluzioa. Teknikoa ez bazara, seguru eztabaida honek aspertu egingo zaituela beraz gai hau bukaerako lagako det.

Joan zen astean, aplikazio honi buruz informazioa zabaltzen hasi eta egun gutxitara jakin genuen jada euskaratuta zegoela. Pentsatu eta egin. Bitarlan eta Gaueko enpresetako lagunek di-da batean euskeratu zuten eta albistea berehala zabaldu zen sare sozialetan. Izan ere, eta aplikazio ofizialean oraindik publikatu ez duten arren, beraien zerbitzarietan Telegram euskeraz deskargatzeko aukera jarri zuten.

Eta zergatik erabili Telegram Whatsapp daukagunean ?

Galdera ederra. Lehenik eta behin: ez pentsatu bata ala bestea denik, biak izan ditzakezu. Nire iritsiz:

Telegram aplikazioaren aldeko arrazoiak:

  • Software Librea da: Honek esan nahi du bere kodea ikusi eta aztertu nahi duen edozeinek bere eskura duela. Noski, hau egin ahal izateko informatikaria izan beharko zara, baina ziur egon hainbatek begiratu dutela eta begiratzen ari direla, eta zerbait “arraroa” egongo balitz, denok jakingo genukeela. Whastapp-en kasuan, bere kodeak “benetan” zer egiten duen ezin jakin, kodea itxia baitago.
  • Doakoa da. Egia esan Whatsapp ere doakoa dela esan genezake, 0.80€ urtean ez baita dirua. Baina ordaindu beharra askorentzako arazoa izaten da, ez baitakite nola ordaindu. Ez dira fidatzen VISA batekin ordaintzera, ez dute paypal ….., gustura ordainduko lukete baina ez dakite nola demontre ordaindu euro hori !! Telegram-ekin ez dago horrelako “arazorik”.
  • Txat sekretuak: Hau bai abantaila dela Whatsapp-ekin alderatuta. Bi lagunen arteko (taldeentzat ez du balio) txat sekretu bat egiteko aukera ematen dizu, eta hor konfiguratu daiteke bidaltzen diren mezuak zenbateko bizi iraupena izango duten. Minutu batekoa dela esaten badezu, mezu (edo argazki, bideo …) bat bidali eta minutu batera telefono bietan (bidali duenarena eta jaso duenarena) mezua automatikoki ezabatzen da. Jasotzaileak mezua ikusten duenean hasten da minutu hori kontatzen, ez lehenago. “El mensaje se autodestruirá en 5, 4, 3, 2, 1, 0”
  • Bideo eta argazkiak ez dira telefonoaren Galeriara zuzenean joaten. Orain arteko ezaugarriak jada ezagunak dira, baina honi buruz ez det ezer irakurri, eta niretzat oso ezaugarri ona da. Whatsapp-en kasuan, zure kontaktuek (edo taldeetako lagunek) argazki eta bideoak bidaltzen dizkizutenean, deskargatu eta berehala telefonoko multimedia galerian ikusten dira. Agian zuk ez duzu oraindik Whatsapp-en begiratu, baina elementua deskargatu da eta zure galerian dago, zure argazki pertsonalen alboan. Whatsapp-etik gaur egun “edozer” bidaltzen denez, batzuetan eduki “ez egoki” asko jasotzen da, eta eduki hori zure galerian dago begi bistan. Telegram aplikazioan hau ez da gertatzen. Talde edo txat bakoitzak bere galeria propioa du, elementuak hor geratzen dira eta ez dira ikusten telefonoaren galerian zuk ez badezu nahi. Noski, nahi izanez gero aukera ematen dizu elementu bat galeriara bidaltzeko.
  • Segurtasuna: Adituek diotenez, Whatsapp erabiltzen duzunean ez da oso zaila esaten ari zarena espiatzea, komunikazioaren segurtasuna ez delako bere alde indartsuena. Telegram aplikazioaren segurtasuna askoz hobeagoa dela diote. Apurtu ezina ? hori asko esatea da, baina Whatsapp-ekin alderatuz, askoz hobeagoa.

Nik probatzera animatzen zaituztet !!

Informazioa euskal hedabideetan

Eztabaida teknikoa

Telegram librea izan arren, software librearen defendatzaileen artean ere badago eztabaida. Software honi leporatzen zaio (eta hortan arrazoia dutela pentsatzen det) ez duela lehendik dauden protokolo estandarrak erabiltzen. Honek zer arazo ekartzen ditu ? ba aplikazio guzti hauek protokolo estandarrak erabiliko balituzte, Whatsapp erabiltzen duen batek Telegram erabiltzen duen beste bati mezu bat bidaltzeko aukera izango lukeela. Bakoitzak bere komunikazio protokoloa erabiltzen duenez, aplikazioak beraien artean ez dira ulertzen. Esate baterako, batek txinoz hitz egiten du, eta besteak alemanieraz, beraz ezin elkar ulertu. Protokolo berdina erabiliko balute hizkuntza berdina hitz egiteko gai izango lirateke, eta Whatsapp edo Telegram edo Gtalk edo Pidgin edo DenaDelakoa erabili ahal izango genuke, bakoitzak bere gustokoa, baina denok “hizkuntza” estandar bat erabiliz komunikatzeko moduan.

Bai, argumentazio horrekin guztiz ados. Baina pragmatikoa izanik, eta gaur egun egoera horretan ez gaudela jakinik, Whatsapp eta Telegram artean, nahiago Telegram.

Gai teknikoei buruz hemen informazio gehiago: